2012/05/25

Guztiok ardiak

- Aita, guztiok ardiak gaituk!
- Zer ba, Nerea?
- Norberak bere burua artalde batean kokatzen diagu eta artzainak agintzen duenari txintik erran gabe men egiten diogulakoz.
- Hala uste dun, laztana? Hori dun hik egiten dunana?
- Ezetzean nagok, aita. Ni artzainarekin kritikoa, gizartearekin kritikoa, zuekin kritikoa, neure buruarekin kritikoa,..
- Beraz, ardia izanik ere, ez dion men egiten guztiari, ardia izanik ere, kritikoa haiz, ardia izanik ere, hire ideiak dauzkan, hire iritziak, hire erabakitzeko arrazonamenduak, hire barnekoak, hire hirekikoak, hire...Bai, Nerea, ardia haiz, gorria edo beltza edo arrosa, edo...auskalo zein koloretakoa, baina ardi kritikoa, ponpoxa.

2012/05/22

Tren geltoki berria

-Pablo, Iruñeako tren-geltoki berria!
- Non motel?
- Hire aurrean ziripolen!
- Oker hago memelo, hori Inquinasa duk!
- Ze inquinasa eta ze mikinasa! Horiek Prestazio Handiko Trenarako azpiegitura berriak. Non eta hemen bertan, Etxabakoitzen!
- Ze ikusteko jaio garen!

2012/05/07

Harri kulunka

- Non gaude aita? Baztanen?
- Zer uste duk?
- Zalantzak ditiat aita, baina ez, ezta?
- Bete betean asmatu duk. Aralarren gaudek, Pagomari aldean.
- Orduan, zertan ari da hemen harri kulunka?
- Begira: Egun batez, Basajaunek harria beti  leku berean ikusteaz arras asperturik, bertze leku batera eramatea erabaki zian. Nora eta Pizkerra aldera. Harria bere oinarritik jaso, Bardeetara begira jarri, indarrez bultzada eman aurretik bere kapusaiarekin estropozu egin eta hona baino ezin izan zian bidali.
- Aita, oker hago! Hori  Errolani gertatu eta harria Ata bailaran duk!
- Beno txotxolo, nahi baldin baduk, galdeiok Teodosiori. Orain goazen Obionetako arbasoak agurtzera!