Gure mendiak

Beartzun (380 m)-Alba Aitz (1074 m)

Urriak 27, larunbata.Goizeko 12:00ak aldera
- Pablo, Irati nauk. Biharkoa mantentzen da?
- Zalantzarik gabe, Irati! Iragarpenak onak ditun eta. Norat azkenean?
- Itziar eta Maialen Elizondon zaudek eta Legate igotzea proposatu zitean.
- Legate edo Alba Aitz Irati, bihar ikusiko dinagu.
Jada ez zegoen atzerabueltarik, larunbat petral hartako eguraldiaren baldintzak ikusita, ez zuen ematen hurrengo egunean hobetuko zuenik. Aita, igandeak udazkeneko giroaz gozatzen utzi zigun. Egun freskoa, hori bai, baina euririk ez.

Urriak 28, igandea: San Simón eta San Juda, joan zen uda...eta negua heldu da,...
Goizeko bederatzietan hitzordua. Han geunden: Irati, Joxe, Juana eta laurok. Gainerako guztiak kikildu izan ziren. Itziar eta bere lagunak zain geneuzkan Elizondon. Hobe erranda, Itziar, bertzerik ez: Elizondoko Feriak, gaupasa ederra...eta biharamuna ederragoa!
Hamarretan Elizondora heldu eta ibilaldia aukeratzeko unea: Gaurko, Alba Aitzek interesgarriagoa zirudien eta Beartzun aldera abiatu ginen. Kotxea aparkatu, botak jantzi, nagiak astindu eta tira! Bidea topatu eta goiti, zerua aterik eta 5 gradutan geundelarik.
- Hara!Onddoak!
- Gezurra badirudi ere, gaur uzta ederra eginen dinagu.
 - Bide hauetan istoria ederrak suertatu dituk, Joxe. Egunean zehar haziendaren urratsak eta gauez, berriz, gaueko lana: egunekoa baino askoz emankorragoa...
Bideareen azken arrastoekin batera, Belaungo Lepora heldu gara. Ekialdera begira Laurinaga eta Linduxtikan osatzen den mendibizkarra. Hegoaldean, kuriketan, Iturrunburu eta Adi.

Hiru Errege Mahaia- Petretxema
Uztailak 25. Goizeko zortziak dira eta Linzako aterpean kafesnea hartu ondoren, Gerardo eta biok martxan jarri gara. Helburua Hiru Errege Mahaia igotzea baino ez da....
Hilaren hasieran Gerardo etorri zen, baina Linzako lepoan ahulaldiak jota Petretxema baino ezin izan zuen igo.

- Gerardo, gaur bai, gaur helduko gaituk.
- Hala espero diat, Pablo!
- Liburu batean halako ibilaldi polita irakurri diat. Hemengo igoera ezaguna zaukaagu eta jaisteko egin genezakeen ingurabidea interesantea duk: Hiru Errege Mahaia igo, Linzako lepora itzuli, Petretxema igo eta Foyas del Ingenierotik jaitsi. Badakik, presarik gabe,...
- Pablo, ez hasi!

Eguraldi ederra dugu, tontorrak ezkutaketan laino zurien artean, tenperatura gozoa...aldeko iragarpena daukagu, haizeagatik izanen ez balitz.
Lehenengo helburua lortuta, pozaren pozez La Solanara jaisten gara bazkaltzeko asmoz.
- Zer Gerardo?
- Petretxema ontzeko prest?
- Jada ezagutzen diat, Pablo.
- Oraingo honetan jaitsiera baino ez zaiguk interesa.
- Bon, ba! Pattal ibiltzekotan, jaitsiko gaituk.
- Hi, Gerardo, mantso igo eta pentsazak jaitsiera dela interesa zaiguna.

Haizea ufaka dabil eta Gerardo ez dut oso konbentzituta ikusten, behin eta berriz gure helburua orotiarazten diodalarik, hots, jaitsieraren ibilbidea.
Petretxemako azken metrotan lainoa baino ez dugu ikusten:
- Pablo, non da gurutzea?Hemen ez duk piperrik ikusten!
- Hi, parez pare zaukaagu, hor bertan, motel! Ez badakusagu ere, hor zagok.
- Argazkia egin eta behera, hoztuko gaituk eta.
- Bai, Gerardo, baina Petretxemako leporako bidea bilatu behar diagu.
- Hi bai,hi!



Mendebaldera jo, ezker aldean jaisteko bidexka malkartsua berehala topatu eta behitira. Ez dugu bidea ezagutzen, baina ongi markatuta dago; halako batean, amildegira hurbiltzen gaitu: Hona hemen "Ansabereko ahizpak".
- Hi Gerardo, ederra, ezta?
- Merezi izan dik, Pablo, ez nauk damutzen.

Gure bidea darraigu, Ansoko portura heldu eta handik ekialdera irekitzen den leiho zabalari begira, ezin dugu gure miresmena ezkutatu. Lainoa Petretxema inguruan jostetan eta Laskun bailara kuriketan.
- Hau duk txoko ederra Pablo!
- Uste baino ederragoa. Eta Sobarcal igoko bagenu?
- Pablo....!
- Txantxa zuan motel!

Itzulzeko garaia da eta ezker aldeko maldatik bidea hartu eta beherako sendrak Foya del Ingenierotik garamatza. Hau harkaitzen lurraldea da, Larra ematen du. Jaitsi ahala lehenengo pagoak eta Linza begibistan; ez dugu presarik azken jaitsiera honetan: edozein harkaitz, edozein lore, edozein txirrioa,...aitzaki ederrak bazter zoragarri hauetaz gozatzeko. Ez dugu aterpera heldu nahi, ez ditugu paraje ikaragarri hauek abandonatu nahi,...





No hay comentarios:

Publicar un comentario